XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Orduan bai ondo! - Zure begia txikiagotu egin da oraindik - esan zuen Ulik.

- Ez zaio axola. Lanaren ondorioak dira.

Institutora hurbiltzen ari ziren. Ikusten zen jadanik.

Hiri osoa ikus zitekeen handik eta gauez, argiak piztuta zeudenean, itsasoan zehar zihoan ikaragarrizko transatlantikoa zirudien.

Goian, ezkerreko dorrean, bi leiho bakartitan argia ikusten zen.

Han Johann Bô*kh doktorea, tutorea, bizi zen.

- Matematikako lanik ba al daukagu?- galdetu zuen Johnny Trotzek.

- Bai - esan zuen Martinek -. Banaketa proportzionalak.

- Baina oso errazak dira, nik afalondoren egingo ditut.

- Eta nik bihar goizean kopiatuko dizkizut - esan zuen Sebastianek -.

- Ez du merezi denbora alferrik galtzerik.

- Herentziaren legeei buruzko liburu bat irakurtzen ari naiz. Askoz interesgarriagoa da.

Mutilek arnasestuka igo zuten menditxoa, kras-kras elurra zapalduz.

Ikastetxeko ate aurrean, zigarroa ezpainetan zuela, alde batetik bestera zebilen norbait. Theodor panpox zen.

- Hemen daude aingerutxoak - esan zuen malizioski -.

- Zinera joan zarete baimenik gabe, e? Filmea oso ona izango zen, baina jasoko duzuen zigorra hobea izango da.

- Filmea harrigarria zen - esan zuen Sebastianek gezurretan -.

- Aktore nagusiak zure antza zuen, baina ez zen hain panpoxa.

Matthiasek barre egin zuen. Baina Martinek hau esan zuen: - Ez ezazu txorakeriarik esan, mesedez, Sepp! - Beraz, zu ere hemen zaude - esan zuen Theodor panpoxek, ordurarte Martin han zegoenik ohartu ez balitz bezala -.

- Ez dut sekula ulertuko zu bezalako astakilo bati bekak nola ematen dizkioten.